Giza baliabideen kudeaketa

[1]Giza baliabideak enpresen administrazio eta zuzendaritza barnean erakunde, sektore ekonomiko edo ekonomia oso bateko enplegatu edo kolaboratzaile guztiei eragiten dien adarra da. Sarritan, erakundeak bere helburuak lortzeko behar dituen langileak hautatu, kontratatu, prestatu, erabili eta atxikitzeaz arduratzen den kudeaketa sistema edo prozesua aipatzeko ere erabiltzen da.

Giza baliabideen helburu nagusia, saileko helburuak erakundeak era orokor batean dituenarekin lerrokatzea da. Horri esker, erakundearen antolaketa estrategia pertsonetan oinarrituta ezarri ahal izango da, hauek baitira gaur egun, kalitatezko antolaketa arrakastatsu bat lortzeko eta mundu mailan dauden lehia eta erronka ezberdinei aurre egiteko aukera bakarra. Ezinbestekoa da azpimarratzea pertsonak, gaur egungo gizartean, adimena, berrikuntza, sormena eta beste trebetasun batzuk dituzten eragile aktibo eta proaktibo gisa ikusten direla.

Oro har, honako arlo hauek osatzen dute giza baliabideen funtzioa: langileak biltzea eta hautatzea, kontratatzea, integratzea eta administratzea edo kudeatzea enpresan dauden bitartean. Honez gain, erakunde mota edo enpresaren arabera, Giza Baliabideen funtzioak ezberdinak izan daitezke. Honen adibide dira, besteak beste, langileen nominak administratzea eta sindikatuen harremanak kudeakeatzea. Erakundearen estrategia gauzatu ahal izateko, funtsezkoa da giza baliabideak administratzea, eta, horretarako, kontzeptu hauek hartu behar dira kontuan: erakunde komunikazioa, lidergoa, talde lana, negoziazioa eta antolaketa kultura.

Beraz, giza baliabideen administrazioa harreman pertsonalak kudeatzeko ezinbestekoak diren politiketan eta praktiketan oinarritzen da. Hau nahikoa ez eta, hautagaien hautaketaz, indukzio programen aplikazioaz, soldatak administratzeaz, pizgarriez, prestazioez eta enpresa barruko komunikazioaz ere arduratzen dira.

  1. (Gaztelaniaz) Recursos humanos. 2022-05-09 (Noiz kontsultatua: 2022-05-27).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search